Orain arte azaldutako egoera honek XVIII. mendera arte iraungo du. XVIII. mendea transizio mende bat izan zen. Zergatik? Zer gertatu zen garai horretan?
DEMOGRAFIAREN GORAKADA:
XVIII. mendean zehar Europako biztanleria azkar eta eten gabe hazi zen. 1700. urtean 118 milioi biztanle izatetik 1789an 193 milioi biztanle izatera pasatu ziren Europan. Hazkunde eta garapen ekonomikoaren mendea izan zen. Hazkunde honek bi arrazoi izan zituen: hilkortasunaren jaitsiera eta jaiotza tasaren haztea. Hilkortasun tasa gutxitzea gertaera batzuen ondorioa izan zen:
XVIII. mendeko gerretan, ez zen aurrekoetan bezain beste jende hil (oreka politiko handiagoa egon zenez gerrak gutxitu ziren). Izurrite gutxiago egon ziren, medikuntzan aurrerapenak nabaritzen hasi ziren, higiene baldintzak hobetu ziren etab. Uzta txar gutxiago izan ziren, honi esker biztanleen elikadura hobetu zen. Etapa berri honetan, jende gehiago zegoenez, kontsumorako oinarrizko produktuen eskaria (elikagaiak eta arropa) igo egin zen. Biztanleriaren hazkundearen ondorio garrantzitsuena hirien hazkundea izan zen.
EKONOMIAREN GARAPENA:
Errenazimentuaz geroztik gelditua egon zen Europako nekazaritzak eraldaketa sakona ezagutu zuen. Ezaguera zientifiko berriak aplikatu ziren. Jakintza zientifiko berrien artean lehen makinak sortu ziren. 1760. urtetik aurrera, makina berriei esker, industria xume bat garatzen hasiko da. Lehen pausoak nekazari holandarrek eta batez ere ingelesek eman zituzten. Berrikuntza horien artean, makina berriez gain, honako hauek ere bazeuden:
Lur berritzeak. Laborantzen txandakatzea. Produktu berrien erabilera. Bere momentuan Amerikatik ekarritako hainbat produktu erabiltzen hasi ziren, adibidez, patata. Lehenengo lantegiak sortu ziren eta horien artean “Domestic system” hedatu zen gremioen kontrolari ihes egiteko: Fabrikak agertu aurreko garaia definitzen du, orduan eskulanen ekoizpena familiaren inguruan egiten zen baserri giroan sakabanatutako industrian. Nekazariak ziren lanabesen jabeak eta eurek kontrolatzen zuten produktuen salmenta.
Testuinguru honetan barne merkataritza ere hazi egin zen. Orokorrean, aduanak desagertu ziren eta bideak hobetu ziren. Hiruko merkataritza hedatu zen:
Atlantikoko merkataritza eredu hori, aurkikuntzaren ondoren gutxira nagusitu zen eta Amerikako Gerra Zibila hasi zen arte jarraitu zuen. Hiruko merkataritza hiru zatitan banatzen zen:
Esklaboen esportazioa Afrikako kontinentetik Mundu Berrira garatzen zen. Europara oinarrizko produktuak eta lehengaiak esportatzen zituzten. Inplantatutako dinamikatik fabrikatutako produktuen ekoizpenaren zati bat Afrikara esportatzen zen, non haiekin trukatu eta esklaboen ordainketa egiten zen.
KANPO MERKATARITZA:
Kanpo merkataritza britaniar nabigatzaile eta merkatariek kontrolatu zuten aurrerantzean. Politika ekonomikoak aldatu egin ziren, askatasun ekonomikoa aldarrikatuz. Liberalismo ekonomikoa* ezarri zen.
*Liberalismo ekonomikoa: merkataritza askea. Estatuak merkataritzan EZ PARTE HARTZEA eta eskaria eta eskaintzaren legea aplikatzea.
Probintzia eta hirietan banku berriak sortu ziren eta burtsan kotizatzen zuten elkarte anonimoak eta itsas aseguru konpainiak agertu ziren, merkantziak pirata edo bide lapurren edota natura zorigaitzen arriskuetaz babesteko. Garia, burdina, kafea, txinako espezieak, tea, metalak eta kotoia ziren merkataritzan pizgarri nagusiak.
BURGESIAK SOZIALKI GORA EGITEA:
Dakigun bezala merkataritzak gora egin zuen eta honen ondorioz burgesia aberastu egingo da. Burgesia aberastearekin gatazkak sortzen hasiko dira, eta hauek iraultza burgesen oinarri izango dira.
Ekonomia hazkundearen ondorioz, burgesia gizarte klaserik dinamikoena bihurtu zen. Burgesek negozioak, manufakturak eta merkataritza konpainiak zituzten, kapital handiak eta finantza erakundeak kontrolatzen zituzten, eta nobleziaren eta monarkiaren mailegu emaileak ziren. Askok, gainera, heziketa intelektual sendoa zuten. Botere ekonomiko hori ez zetorren bat estamentuzko gizartean burgesek zuten egoera sozial eta politikoarekin. Zerga handiak ordaindu behar izateaz gain eta nobleziarekiko legezko diskriminazio egoeran egoteaz gain, herrialde gehienetan, ez zuten legeak aldatu ahal izateko botere politikorik.
Egoera horri aurre egiteko, burgesiak aldaketa sakonak lortu nahi zituen aintzinako erregimenaren gizarte sisteman. Nobleziaren estamentuzko pribilegioen amaiera, eskubideen berdintasuna eta politikan parte hartu ahal izatea eskatzen zuten. Eta aldaketa horiek bideratzeko boetere ekonomikoa, eragina eta prestakuntza nahikoa zituzten. Orain arte boterean egon diren nobleziako kideak ez dira egoera berri honekin ados egongo eta hortik datoz aipatu ditugun gatazken sorrerak.
IDEIA BERRIAK: ILUSTRAZIOA
XVIII. mendean Frantzian lehenengo eta ondoren mundu osora zabaldu zen mugimendu ideologiko bat sortu zen. Errealitatea ulertzeko eta ikusteko beste modu bat ekarri zuen honek. Aintzin erregimenrari kritika egiten zion ideologia berri bat izan zen funtsean. Honi “ilustrazioa” edota “argien mendea” deritzogu, mugimendu berri honek “mundu berri baten sorrera” aldarrikatuko du.
ILUSTRAZIOA ETA AINTZINAKO ERREGIMENAREN KRITIKA:
Antzinako Erregimenaren azken etapan, XVIII. mendean, errealitatea ulertzeko eta ikusteko beste modu bat agertu zen. Ikusmolde berri haren oinarrizko idea arrazoia eta askatasuna erabiltzea zen, gizakiaren emantzipazio pertsonalerako eta intelektualerako tresna gisa.
ILUSTRAZIOAREN JATORRIA ETA HEDAPENA:
Ilustrazioa 1680tik 1730era bitartean sortu zen, Ingalaterran eta Probintzia Batuetan, eta Frantziara eta Italiako eta estatu alemanetako zenbait eskualdetara hedatu zen handik. XVIII, mendearen erdialdeaz, gero, Europa osora zabaldu zen. Frantzia izan zen Ilustrazioaren ideiak zabaltzeko gunea. Ideiekin batera, erreformak ezarri ziren mende hartako Europako monarkia handienetan: Prusian, Austrian, Espainian, Frantzian, Ingalaterran eta abarretan, «erreformismo ilustratuaren» garaia izan zen, 1760 eta 1789 bitartean. Gune nagusiak portuak zituzten hiriak izan ziren (Anberes, Londres eta Hamburgo), baita mende hartako Europako hiriburu handiak ere: Paris, Viena, Madril, Lisboa, Berlin eta San Petersburgo. Landako gizartea aparte gelditu zen pentsalari ilustratuek ekarritako joera berritzaile haietatik. Ilustrazioa Europan sortu eta garatu zen. Baina laster hedatu ziren haren ideiak Europako potentzien kolonietako lurraldeetara, hispaniarrek eta britainiarrek Amerikan zituzten kolonietara batik bat.
PENTSAMENDU ILUSTRATUEN OINARRIAK:
Ilustrazioak alderdi askotan izan zuen isla. Haren postulatuek pertsonen bizitzako a alderdi guztiei eragiten zieten. Hauek izan ziren pentsamendu ilustratuaren oinarrizko ezaugarriak: Arrazoiaren nagusitasuna , egia atzemateko irizpide gisa, tradizioari, naturaz gaindikoari eta sineskeriari aurre egiteko. Kritika, arrazoiari aurre egiten zioten gizarte-, kultura- eta erlijio-ezaugarriak zentsuratzeko tresna gisa. Botere zibilaren autonomia defendatzea, Elizaren boterea bera ere kontrola zezan. Erlijio-tolerantzia, sinesmenen eta ideien aniztasunaren adierazpena den aldetik. Ekonomiarekiko eta aurrerapen materialarekiko interes handia, lurreko zoriontasuna lortzeko bitartekoa den aldetik. Hezkuntza, arrazoia hedatzeko tresna den aldetik. Eta, hala izanik, komeni zen estatuak zuzentzea. Zientzia esperimentalekiko edo «erabilgarriekiko» interesa eta haien aurrerapenen zentzu praktikoarekiko interesa.
Immanuel Kant filosofo alemanak Ilustrazioan sinesten zuen, gizakia «adin txikitik» emantzipatzeko bitartekoa zela iritzita. Haren Sapere aude leloak (Ausartu jakiten!) laburbiltzen zuen, hain zuzen, ideia hori. Jarrera global bat izan zen, beraz, bizitzaren erdigunea gizakia dela aldarrikatzen zuena; gizakia gizarte-tradizioak, politika-jardunak eta erlijioaren pisuak ezartzen zituen mugetatik askatu beharra zegoela aldarrikatzen zuena.
ILUSTRAZIOKO PENTSALARI HANDIAK ETA OBRA NAGUSIAK:
Jean-Jacques Rousseau Geneva, 1712 - Ermenonville, 1778 Idazle, musikagile eta filosofoa izan zen. Frantsesez idazten zuen. Filosofia, kimika, matematikak, musika eta latina ikasi zituen. Gobernatuen eta gobernatzaileen arteko gizarte hitzarmenaren premia defendatu zuen eta horretarako subiranotasun nazionalaren printzipioa ezinbestekoa zela uste zuen. Printzipio horren arabera boterearen jatorria herritar guztien adostasun askea da, botoaren bidez adierazten dena. La Nueva Eloisa: Pasioaren eta kristauen ukoaren Erdi Aroko istorio bat.
Montesquieu La Brède, 1689 - Paris, 1755 Familia noblekoa zen. Kronista eta pentsalari politikoa izan zen. Botereen banaketa bultzatu zuen (botere legegilea, betearazlea eta judiziala). El Espíritu de las Leyes: Hiru gobernu motaren azterketa konparatiboa da: errepublika, monarkia eta despotismoa. Montesquieu-k uste zuen gobernu-ahalmenak banandu eta orekatu behar zirela gizabanakoen eskubideak eta askatasuna bermatzeko.
Voltaire Paris, 1694 - Paris, 1778 Legegile-familia burges batekoa zen. Historialari, idazle, abokatu eta filosofoa izan zen. Kontzientzia askatasunaren (tolerantzia erlijiosoa) defendatzailetzat aldarrikatu zuen bere burua. Candid nobela: Gizon gazte baten istorioa da, munduaren gaitz asko aurkitzen dituenak.
Funtsean, filosofo ilustratuek absolutismoa kritikatu zuten eta liberalismo izeneko doktrina politiko berriaren oinarria eratu zuten. Ilustratuek, beraz, estamentuzko gizartearen aurka eta orokorrean aintzin erregimeneko gizartearen aurka egin zuten. Gizarte mugikortasuna, jatorri berdintasuna, eta norberaren ahaleginaren eta adimenaren araberako meritua defendatu zituzten eta aldarrikatu zuten inork ezin zuela ohorea, izen ona eta pribilegioak arbasoengandik jaso.
DEPOTISMO ILUSTRATUA Despotismo ilustratua, absolutismo ilustratua ere deitua, XVIII. mendean zehar Europako hainbat monarkiatan (monarka ilustratuak izan ziren Europako herrialde askotan: Federico II.a Prusian, Maria Teresa I.a Austrian, Katalina II.a Errusian, Gustavo Suedian eta Karlos III.a Espainian) nagusitu zen. Monarkaren agintaritza absolutoa, ilustrazioaren ideiarekin, arrazoiaren nagusitasunarekin bereiziki uztartu ziren. Mende hartako monarkiek eutsi egin nahi zioten botereari, baita hura areagotu ere. Baina, era berean, ohartzen ziren herrialdeek arazo ekonomiko eta sozial larriak zituztela eta hauek konpondu behar zituztela. Horretarako, pentsamendu ilustratuaren eragina Europako korteetara iritsi zenez, erreforma politika bat planteatu zuten. Monarka absolutu izateari utzi gabe erreformak egin zituzten eta erregeen autoritatea eta ilustrazioaren aurrerapen ideiak uztartzen saiatu ziren. Erreforma hori ilustrazioan oinarrituta zegoen, ideologia politiko berri hau lelo honetan laburbiltzen zen: “DENA HERRIARENTZAT BAINA HERRIA GABE”.
Erreformek ez zuten inola ere Aintzinako Erregimenaren oinarria aldarazi. Ez zuten errege zein nobleen boterea gutxiagotu ezta nobleziaren pribilegioak desagarrarazi. Azken honek burgesiaren haserrea eragin zuen. Despotismo ilustratu bezela ezagutzen dugun erreforma multzo honek gizartearen erreforma bultzatu nahi zuen baina egiturak aldatu gabe: Administrazioan aldaketak egin zituzten. Hezkuntza sustatu zuten. Modernizazio ekonomikoa lortzen saiatu ziren. Merkataritzarako erreztasunak jarri zituzten… Esperientzia honen eragina mugatua izan zen, ezinezkoa izan zen erreforma ekonomikoak sustatzea eta aldi berean estamentuzko gizartea eta botere absolutoa eustea. Beraz, despotismo ilustratuaren kontraesanek Aintzinako Erregimena desagerraraziko zuten iraultzetarako bidea hasi zen.